Aurkezpena

Partikulen fisika, gure bizitzan eraginik handiena duen Zientzia-Industriaren alorra dela esan daiteke. Gaur egungo interneta adibidez, ez litzateke posible izango CERN (Ginebra) laborategietako informazioa partekatzeko asmatu zen World Wide Web-a (www) barik. Partikula eta detektagailu berrien erabilerak, gaixotasunak tratatzeko eran iraultza sortu du, minbiziak osatzeko radioterapia tratamenduak edota kalte gutxiago sortzen duten irudiak lortzeko teknikak dira horren adierazgarri. Egunerokotasuneko beste adibide bat, tutu katodikoak zituzten aurreko belaunaldiko telebistak dira, telebista horiek elektroiak azeleratzen zituen azeleragailu txiki bat zuten eta irudiak elektroi horiek fosforo pantaila baten kontra talka eginez lortzen ziren.

Hainbat adibide gehiago aipatu daitezke, baina aurrerapen horiek guztiak ezinezkoak lirateke materiaren oinarrizko egituraren ezagutzarik gabe eta ezagutza horretara iristeko eta garatzeko sortu ditugun gailu eta prozesurik gabe. Munduko azeleragailu garrantzitsuenetako datu kopuru erraldoia partekatzeko beharrari aurre egiteko sortu zen aipaturiko World Wide Web-a, partikulen fisika alorreko behar bat asetzeko asmoz gure egunerokotasunean eragina duten aurrerapenen adierazgarri nagusia da.

Egun, munduan 30 000 azeleragailutik gora daudela estimatzen da (http://www.acceleratorsamerica.org/), horien erdia, gutxi gora behera, ospitaletan; eta ehundik gora helburu zientifikoekin. Azeleragailuen erabilera zientifikoak sortzen duen ezaguerak beste onura dakar eraikuntzak, bertan garatzen diren zientzialari berriek eta eraikitzeak berak aurkezten dituen erronkek, teknologiaren garapenean aurrera egitea ahalbidetzen baitu.

Espainiako Zientzia eta Teknologia sektoreak Partikulen Fisikan ikerkuntza sare garrantzitsua dauka instalazio zientifiko anitzekin, euren artean aipagarriak dira Alba Sinkrotroia (Bartzelona), Canfrán-eko Lurrazpiko Laborategia (Huesca), Azeleragailu Zentro Nazionala (Sevilla) eta abian diren Lund-eko Neutroi Azeleragailu ESS proiektua (Bilbo) eta Linac Research Facility (Huelva). Era berean, estatuko zientzialariek mundu osoko CERN bezalako instalazio handietan parte hartzen dute.

Aspaldidanik Zientzia-Industriako enpresa Espainiarrak, komunitate zientifikoarekin batera, Partikulen Fisikako instalazio zientifikoentzako detektagailuak, instrumentazioak, sistema osagarriak, eta orotariko gailuak ekoitzi eta garatu dituzte. Horren ondorioz, nazioartean ezaguna den eskarmentu handiko enpresa sektorea bihurtu da, instalazio berrien eta abian direnen konfiantzazko hornitzaile izanik.